饾悓饾惃饾悵饾惍饾惀饾惃饾悮: 饾悓饾惃饾悵饾惍饾惀饾惃饾悿饾惃 饾悺饾悮饾惍饾惉饾惂饾悮饾惈饾悿饾悶饾惌饾悮
Gizakiok esentzia bera partekatzen dugu. Ezaugarri berdin batzuk ditugu, faktore geografikoek, historikoek, kulturalek eta abarrek bereizten gaituzten arren ez direnak aldatzen. Hala ere, azpimarratu behar da, inor ez dela beste pertsona baten berdin-berdina; horregatik, gure kasuan, desberdintasun horri aniztasuna deritzogu.
Sarrera labur honen ostean, ongi etorria ematen dizuegu beste behin “Notas de cambio” blogera. “Hatzaparrak” taldearen izenean, berriro ere aniztasunaren mundura hurbilduko zaituztegu, “Aniztasuna eskolan” moduluari egin diogun balorazioari buruzko azken hausnarketa baten bidez. Aniztasunak tipologia zabala dakar berekin, eta, bertatik bertara ezagutu ahal izateko, lauhilekoan zehar, tipologia desberdinak barne hartzen zituzten hainbat material eta formazio eskaini zaizkigu, hala nola, aniztasun funtzionala, kultura-aniztasuna eta sexu-aniztasuna.
Aniztasuna, bere aldetik, gaur egun oso presente dagoen errealitatea da. Beraz, eztabaidaezina da, etengabe eraldatzen ari den mundu globalizatu batean bizi garela aipatzea. UNRWA elkarteak eskainitako formazioari esker, eraldaketa horren ondorio nagusienetako bat, lurralde geografiko berean gero eta handiagoa den giza aniztasuna dela ikusi ahal izan dugu. Izan ere, gaur egun, hizkuntza, erlijio, kultura eta bizitza ulertzeko modu desberdinak dituzten pertsonen arteko bizikidetza ikusi dezakegu nonahi.
Ildo beretik jarraituz, elkarteak eskainitako saioetan zehar, etorkizun hobea bilatzeko asmoz, beste hainbat arrazoi tarteko, bere herrialdea uztea erabaki zuen etorkin baten istorioa entzuteko plazera izan genuen. Testigantza hari esker, aniztasun horren aurrean, desberdina denarekiko beldurrean eta ezjakintasunean oinarritutako beste ikuspegi batzuk daudela konturatu ginen. Horren ondorioz, modu anitzetan ematen diren diskriminazio-egoerak sortzen dira; hala nola, enplegu, hezkuntza edota etxebizitza duin bat lortzeko zailtasunak izatea, besteak beste.
Aipatu behar da, diskriminazio kontzeptua, bataz bestekotik at dagoen kategoria sozial bateko partaide den pertsona edo talde bati, zenbait aurreiritzien ondorioz, gutxiestuak direnean aplikatu ohi zaiela. Kategoria hauen barne dugu, besteak beste, aniztasun funtzionala duten pertsonen kolektiboa.
Aniztasun funtzionala duen kolektiboari dagokionez, “Eskola Inklusiboaren oinarriak” irakasgaian, “Begisare” elkarteak eskainitako formazioa jasotzeko plazera izan genuen. Hitzaldian, testigantza pertsonal eta simulazio jarduerei esker, ikusmen murriztua duen pertsona baten azalean jartzeko aukera izan genuen. Horri esker, kolektiboak, konkretuki ikusmen murriztua duen kolektiboak, aurre egin behar dien aurreiritzi eta oztopoak hobeto ulertu genituen. Horrez gain, kontuan izanik etorkizunean hezkuntza esparruko profesionalak izango garela, saio horretan, aniztasunaren trataera modu desberdinetara burutu daitekeela ikasi genuen.
Hori dela eta, inklusio eta integrazio kontzeptuen arteko desberdintasunaren inguruan mintzatu ginen. Nahiz eta askotan, sinonimo gisa erabiltzen diren biak oso esanahi desberdinak dituztela ikasteko aukera izan genuen. Integrazioa, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleengan zentratzen da, haientzat laguntza, baliabide eta profesional jakin batzuk gaitzen baitira; inklusioa, berriz, eredu soziokomunitario batean oinarritzen da, non ikastetxeak eta eskola-komunitateak inplikazio handia duten, hezkuntza-kalitatea oro har ikasle guztientzat hobetuz.
“Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagutza” irakasgaian, berriz, material didaktiko desberdinen bidez, aniztasun sexuala lantzeko aukera izan genuen. Beharbada, taldekideengan eragin handiena izan zuen baliabide didaktikoa “Vestido nuevo” laburmetraila izan zen, zeinak ohikotzat jotzen diren orientazio sexualetik at dauden pertsonenganako diskriminazioa islatzen duen, bai berdinen arteko kolektiboaren aldetik baita hezkuntza-komunitatearen aldetik ere. Gai honi dagokionez, gaur egun, aurrerapen handiak egin diren arren, oraindik zenbait hezkuntza zentro sexualitatearen inguruan lan egiteko prest ez daudelaren ondoriora iritsi gara.
Eskola, haurrek haien egunerokotasuneko denbora gehien pasatzen duten espazioetako bat izateaz gain, sozializazio-eremu garrrantzitsuenetako bat ere bada. Giza taldea osatzen duten kideen arteko aniztasunaz jabetzen hasten dira, eta, ondorioz, sexu-heterogeneotasunaz ere. Eskolak, bere aldetik, eskola komunitatea osatzen duten haurren artean, testuinguru sozio-kultural konkretu batera atxikiturik dauden balio eta jokabide zehatz batzuk sustatzeaz arduratzen da. Arrazoi honengatik, aniztasun sexualaren gaian eskolak izan behar duen inplikazioa nabarmentzen dugu. Gai honekin amaitzeko, aniztasun afektibo-sexualaren, errespetuaren eta genero-identitate adierazpenaren integrazioaren alde hezkuntza-sistema egokitzea funtsezkoa dela ikasi genuen, besteak beste, estereotipo eta portaera sexistak gainditzeko.
Eskolaren garrantzia azpimarratzen jarraituz, “Haur Hezkuntzarako Hizkuntzaren Didaktikaren Oinarriak Testuinguru Eleanitzetan” irakasgaian, Haur Hezkuntzako ikasgelan aniztasuna modu egokian landu ahal izateko hainbat formakuntza saio eskaini zitzaizkigun. Saio horietako batzuk, aniztasuna ipuinen bidez lantzera bideratu ziren, gure kasuan, Luisa Aguilar-en "Tximeleta belarriak" ipuinaren bidez eskola-jazarpena lantzea erabaki genuen. Ipuin honetan, gaur egungo gizartean klase sozial baxuko kide izateagatik jasaten den diskriminazioa islatzen da.
Saio hauei esker, ikasgela barruan dagoen aniztasuna kudeatzeak duen garrantziaz konturatu ginen. Hala ere, gai hau Haur Hezkuntzan lantzea ez dela batere erraza argi geratu zaigu; hori dela eta, ikasleen atentzioa erakarriko duen ikaskuntza esanguratsuagoa sustatzen duten proposamen metodologiko erabiltzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu. Horregatik, "Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak Haur Hezkuntzan" irakasgaian, hainbat proiektu eta teknikei esker, teknologia berrien munduan murgiltzeko aukera izan dugu. Ikasgai honetan, aniztasuna modu erakargarriago batean lantzeko hainbat teknika erabili genituen; hala nola, Kuleshov teknika, stopmotion, …
Ideia guzti hauek kontutan izanda, eta ikasgaietan landutako saioak eta baliabide didaktikoak erreferentziatzat hartuta, gizarte aurrerakoi ororen asmo garrantzitsuenetarikoa dena delako aniztasunak eragindako diskriminazioa gainditzea izan behar delaren ideia nabarmendu nahi dugu. Beraz, aniztasun hori kudeatzea izango da, egun gure gizarteak aurre egin behar dion erronka nagusinetarikoa, eskola izanik borroka horren aldeko eragile funtsezkoena.
Comentarios
Publicar un comentario